Skip to main content

Nautikoren urrezko ezteiak

Noizkoa
Iraila-Abendua 2014
PDF fitxategia

Zer izango, urte osoa oporrak iristeko zain, eta berehala pasatzeaz gain, ia-ia ahaztuak ditugu eta jadanik ikasturte berrian buru-belarri sartu gara. Asmo eta ilusio berriak errenkadan: kirola egitea, ikastaroetan izena ematea, hizkuntzak ikastea, kilotxo batzuk jaistea, nork ez ote dio bere buruari horrelako promesarik egin... Ez ditzala, bada, udazkeneko hego haizeak berarekin eraman asmo sendoak diruditenak. Gure herrian ere asmo eta lan berriak puri-purian. Bide gorriak martxa ederra darama, parte hartzeko lan taldeak asmo berriz beterik dabiltza lanean, haurreskolak, eskolak, ludotekak, gaztelekuak, gaztetxeak eta gainerakoek etorkizunaren konkista abiatu dute. Jubilatuak ere indar berriz datoz, eta ez dute amore emateko asmorik. Herri honek ez du adinik, denentzat dago lekua. Eta zer esan Euskal Herriari buruz. Iazko ikasturtean “Gure esku dago”k erakutsi zuen herritar xumeek dutela herri honen giltza. Udazken honetan, begiak Eskozian eta Katalunian gertatzen denari so ditugu, baina gure bidea gure esku dagoela ahaztu gabe. Itsasondo 2.0. aldizkariaren 26. alea edukiz mardul beste behin ere, betiko atalek ez dute huts egin: udaleko berriak, udaletxe zaharraren edo Kontzejuaren istorioa, jubilatuek egin dituzten bidaiak eta ekintzak, haurreskolaren eta eskolaren ikasturte berria, gazteenen udako opor bikainak. Itsasondon dugun wifi sarearen inguruko informazio zehatza ere eskaintzen zaigu. Ekainaz geroztik herrian izan diren ekintza, festa eta gainerako saraoen errepasoa ere egiten dugu, ea argazkietan azaltzen direnak ezagutzen dituzuen. Herrian beste data esanguratsu bat, Nautiko tabernaren 50. urteurrena; bertako Mª Milagros Otegirekin eta Mila Izuzkizarekin egindako elkarrizketan pasadizo ugari kontatu dizkigute. Eta ez ditugu ahaztuko, errezeta, lorezaintza gomendio, ibilaldi eta udazkeneko agenda eta oharrak, besteak beste. Beste behin ere, zuentzako xumeki eginiko aldizkari honen orrialdeetan barna murgiltzera gonbidatzen zaituztegu. Ondo izan eta urratsez urrats gure ametsetara bidea abia dezagun.