Skip to main content

Itsasondo 2.0, 4. Zki.a

Noizkoa
2009ko martxoa-ekaina
PDF fitxategia

Martxoaren lehengo igandean Euskal zein Galiziar apokalipsien testigu izan ginen, edo, Galizian dudan osabak esan bezala, historiako bigarren domeka odoltsuan. Ezker Abertzalearen ilegalizazioa medio, fronte espainolista nagusitu da parlamentuan. Askok hainbeste maite eta goraipatzen duten demokrazia honek kale egin du beste behin ere, Ezker Abertzalea era ilegitimoan parlamentutik botatzeaz gain, bozka portzentaiak ez baitira garrantzizkoak legebiltzarkiadeak banatzeko orduan. Esan bezala, fronte espainolista nagusitu da parlamentuan, legebiltzarkideen erdia eta bat gahiago baitauzkate internazionalistez mozorrotutako konstituzionalistek, baina Euskadik aldaketa eskatu duela esaten duten horiek bozken banaketa-sistemaren tranpa erabili baino ez dute egiten. Izan ere, PSOE, PP eta UPyDren bozkak batuta lortzen duten emaitza 482.839koa da, Aralar, EAJ, EA eta EBren bozkak batuz gero, ordea, 532.725 lortuko lirateke. Argia da bloke ezespainolistaren garaipena, beraz, espainolistek era bidegabean bereganatu dute parlamentua bozken %25,72az, ez-espainolisten %28,38aren aurrean, eta hori guztia, noski, D3Mren bozkak kontuan hartu gabe (kontuan hartuta 633 649 bozka edo %33,72ak egingo lioke aurre Lópezi). Eta, hori zergatik? Zergatik baimentzen du daukagun hausteskunde-legeak herritarron hitzaren gainetik trikimailu matematikoak gailentzea? Zergatik balio du arabar baten bozkak gipuzkoar batenak baino gehiago eta, gipuzkoarrarenak bizkaitarrarenak baino gehiago? Bidegabea dela beti pentsatu izan dut, parlamentua nola osatzen zen azaldu zidaten lehenengotik, baina, tira, horrekin ezin da orain ezer egin eta, gainera, betidanik izan dugu banaketa-sistema hori. Ez dugu beti izan, ordea, Ezker Abertzalerik gabeko parlamentua, argi eta garbi faktore hori izan da aurtengo hauteskundeetan determinatzailea.