Skip to main content

OTSAILAK 4 - MURAL ERRALDOIAK

ERREFUXIATUAK ONGI ETORRI EKIMENA
2016 urtean zehar, azken urteetako ildoari jarraituz, milaka eta milaka errefuxiatuen inguruko egoera dramatikoaren berri izan dugu eta hau ezagututa, 2016ko ekainean Itsasondoko ongizate batzordeak erabaki zuen Siriar Errefuxiatuei laguntza ematea Bizi Ekin Ordiziako elkartearen bidez. Material bilketa bat egin genuen eta baita erantzun ona jaso ere. Mila esker benetan zuen alea jarri zenuten guztiori.
Egoerak hobera egin ez duela eta, 2017an ere ekimenarekin jarraitzea erabaki dugu eta OTSAILAREN 4-ERAKO AUZO LANA ANTOLATU DUGU. AUZO LAN HONEN BIDEZ, HERRIKO PUNTU EZBERDINETAN *JAVI JULIO ARGAZKILARIAK ATERATAKO ARGAZKIEN MURAL ERRALDOIAK JARTZEA DA EGITASMOAREN FUNTSA eta horretarako herriko talde eragile ezberdinen parte hartzea izango dugu, baita herritarrena ere.
Otsailak 4ean goizeko 10:00tan plazan elkartu eta taldeetan banatuko gara. Materiala banatu eta talde bakoitzak bere “txokoa” prest izango du bertara gerturatu eta mural erraldoia egurrezko euskarrian jartzeko. Muralak jarri ondoren hamaiketakoa egingo dugu jubilatu elkartean eta Javi Julio berarekin solasaldian aritzeko aukera ere izango dugu.
Jakin ekimena ez dela egun honekin amaituko eta otsailean zehar eta ekainean ere beste zenbait ekitaldi egingo ditugula;

  • Otsailak 6-10 astean: eskolan ekintza ezberdinak egingo dira.
  • Otsailak 23: Dokumental emanaldia eta solasaldia.
  • Ekainak 17: paella solidarioa plazan, lortzen den dirua “Zaporeak” elkartera bideratuko da. Errefuxiatuen aldeko banderak zozketatuko dira eta errefuxiatue bidaltzeko material bilketa ere egingo da.
  • Ekainak 20: errefuxiatuen eguna.

Gaur egun Europako politikek ez dute Errefuxiatuen legezko sarbide segurua bermatzen. Milaka lagunek, euren jaioterrietan pairatzen dituzten gerrak, goseak eta pobrezia atzean uzteko ihesean Europara iristen saiatzen dira eta behin jomugara iritsita, egoera dramatikoa bizitzera behartuta gertatzen dira. Guzti honen aurrean Itsasondoko ongizate batzordeak keinu ttiki bat egin nahi izan die eta muralen bidez, irudi bidez, herriak gerturatu, herritarren arteko lankidetza bultzatu eta hauen minarekin bat egin nahi du.
* Javi Julio 1978an jaio zen, gizarte hezkuntzan diplomatua da eta alor hontan lanean aritua da 2010ean argazkigintzan hasi zen arte. Gaur egun argazkilari-kazetari freelance gisa definitzen du bere burua eta hainbat argazki lan eta dokumental egin ditu gai honen inguruan, baita erakusketak ere.