Skip to main content

Itsasondo 2.0, 16. Zki.a

Noizkoa
2012ko maiatza-ekaina
PDF fitxategia

 

Usadio zaharrei jarraituz, Santa Ageda bezperako makila kolpeez aurrena eta inauterietako mozorro koloretsuekin gero, ama-lurra lozorrotik esnatu eta udaberriari etorrera eman diogu. Baina, Euskal Herrian bestelako makila kolpeak ere izaten dira; egoera politiko nahiz ekonomikoari so jartzen bagara, berriak ez dira ez, alaiak. Krisi ekonomikoaren harira Espainiako gobernuak onartu dituen murrizketa neurriak latzak ari dira izaten, erdi mailako errentari, errenta apalari, gazteei eta pentsiodunei eragiten dielako gehien bat. Lehenik eta behin, krisi hau sortu zuten bankuei laguntzak eskaini zizkieten. Ondoren, lan erreforma etorri da, langileen lan baldintzak okertuz enpresaburuen etekinerako; hurrengo erabakia funtzionarioen soldatak murriztearena izan da, zorroztasun sasoi honetara egokitzeko. Espainiako gobernuak ezarritako eskubide sozialen eta lan eskubideen erabateko murrizketa eta gizarte politika itotzeko neurriak salatu eta erantzun beharrean gaude. Berriz ere, aberatsak aberasteko eta behartsuenak behartsuago egiteko logikari erantzuten dion ideologia ankerraren sustraietara baikoaz. Bidegabekeria hauen guztien aurrean erantzunak ematen hasia da euskal jendartea eta herritarren, sindikatuen, eragile sozial eta politikoen indarrak bildu beharrean gaude erantzuna geure esku hartzeko.

Testuinguru honetan datorkigu Itsasondo 2.0-ren ale berri hau. Euskal Herriko ikusmiratik gure herri txikiari so jarri gara, ohi bezala iragan zaharrari eta etorkizun berriari ateak zabalduz. Zaharrak berri atalean, azken boladan hautsak harrotzen ari den ume lapurtuen kontuari aipamen berezia egin nahi izan diogu, itzalean eta isilpean orain arteko urte luzeetan egon diren hari-muturrak argitara atera nahirik. Elkarrizketen atarira jo eta Jesus Ortizekin kontu-kontari aritu gara, boxeolari izan zeneko garaiak gogora ekarriz. Udaleko berrietan, berriz, udaletxea zaharberritzeko obrei egiten zaie aipamena, eta agenda 21 ekimenak plastikozko tapoien bilketarekin zenbait ume ezinduei laguntzeko diru bilketarako deia egiten digu herritarroi. Herriko adineko pertsonentzako hitzaldiaren nondik norakoak ere jaso nahi izan ditugu eta Sutondo enpresak pertsona ezinduentzako abian jarritako zerbitzuaren berri izango duzue, baita Aranzadi Elkarteak aurtengo dituen egitasmoen inguruko xehetasunak ere. Alez ale Itsasondo inguruak ezagutzeko txangoen bilduma ari gara osatzen, eta oraingo honetan Gaintzatik abiatu eta Baliarrain eta Altzagarateko gainetatik barrena hasiera puntura eramango gaituen ibilbidea proposatzen dizuegu.

Hori guztia aurrerapen txiki bat baino ez da izan. Badakizue, ohi bezala, hori eta gehiago, beraz... astindu aldizkaria eta gozatu Itsasondo 2.0-rekin!

Hurrengora arte eta bitartean kontent bizi!